Aurten ere, Antoniano Ikastetxean Workshopeei esker sortutako ikasketa kooperatiboak garrantzizko lekua izan du. Izan ere, urriaren 26 eta 27an, metodologia aktiboak eta kooperatiboak erabiliz, zazpi ikaskuntza-tailer aurrera eraman dira LH 5 eta DBH 2 bitarteko ikasleek aukeratu ditzaten. Egun hauetan bizitakoaren bideoak, ikastetxeko Youtube kanalean topatuko dituzu.
Ikasleei workshopak aurkeztu ondoren, beraiek aukeraketa egin zuten, eta beren interesen edota trebetasunaren araberako tailerretan parte hartu dute, ohiko eskola ordutegia eta gelen formatua hautsiz. Hau honela, beste gela eta ikasturteko ikasleekin harremanak sendotzeko aukera paregabea izan da.
Aurten, workshopak interesgune desberdinetakoak izan dira: ikasle batzuek sukaldaritza eta gozogintza tailerretan plater original eta gozoak sortzeko aukera izan dute, ikasle ausartenentzat, Zarauzko Klimb rokodromoan aurrera eraman den eskalada tailer bat eskeini zaie. Beste batzuek aldiz, adimen logiko-matematikoa garatzeko “txintxon, eskoba eta mus” bezalako jolas tradizionalak berreskuratzeko tailer bat izan dute, beste tailer batean fofutxa ederrak sortzeko aukera eskeini zaie eta baita, mendi bizikletan teknika hobetu nahi izan dutenentzat, Pagoetako Parke Naturala zeharkatuz gaitasun motorrak landu dituzte.
Alderdi artistikoena eskulanei eta marrazketa-tailerrari buruzko beste workshop batean nagusitu zen, eta hainbat kontinentetako arte-adierazpenetara bidaia kulturala egin zuten, haien ohiturak eta forma artistikoak ezagutuz.
Ikusi duzuenez, beste urte betez, helburua gaindituta!