Euskalduna eta eleanitza - Antoniano Ikastetxea
Icon Image

EUSKALDUNA ETA ELEANITZA

Euskararekin tinko konprometituta gaude
Hizkuntzen irakaskuntza ardatz dugu, euskara abiapuntutzat hartuz, mundua eskura izan dezagun.
Image

Gure xede nagusien artean dago euskara eta euskal kultura bultzatzea eta indartzea. Horregatik, Antoniano Ikastetxean hizkuntza normalkuntza ahalbideratzeko pausuak eman ditugu Ulibarri programa sortu zen urte beretik.  Hizkuntza komunitatea (guraso, langile, begirale, ikasle…) osatzen dugun guztien arteko harreman-bizitzan eragile gara, harreman hauek euskaraz izan daitezen. 

Era berean, eleaniztasuna sustatzen dugu munduko herritarron prestakuntzarako funtsezko tresna gisa. Ikastetxeko proiektu eleaniztunaren helburu nagusia, hizkuntzen erabilera eraginkorra eta praktikoa sustatzea da, ikasleen hizkuntza-trebetasunak indartzeko, alderdi linguistikoak zein kulturalak integratuz.

Atzerriko hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntza:

Ingelesa urte 1etik hasita:  ingelesaren sarrera goiztiarra bultzatzen dugu. Era ludiko eta dibertigarrian, haurren adinera egokitutako baliabideak erabiliz, hala nola abestiak eta jolasak, ikasteko giro naturala eta estimulatzailea sortzen dugu helburu.

Proiektua urtebeteko gelatik Bigarren Hezkuntzaraino garatzen da. Helburua da ikasleak hainbat komunikazio-egoeratan modu eraginkorrean moldatzea, eta ingelesezko interakzioa sustatzea, bai ikasgelan, bai benetako testuinguruetan.

WIE (Week Immersion in English): LH5eko ikasleek hizkuntzan erabat murgiltzeko aukera dute, hezkuntza-esperientzia dinamikoa eta dibertigarria biziz. Ingeleseko murgilketa honek hizkuntza modu praktiko eta dibertigarrian bizitzeko aukera ematen die, eta hezkuntza-esperientzia aberasgarria lortzen dute, haien hizkuntza-trebetasunak eta hizkuntza ikasteko motibazioa indartuz.

  • Hainbat ikasgai ingelesez. Ingelesa komunikazio-hizkuntza bihurtzen da arte hezkuntzan LH6tik hasita eta gizarte eta historia ikasgaietan DBH3 eta DBH4n. 
  •  
  • DBHn frantsesa. Ikasleek, hizkuntzaren ezagutza teorikoa eskuratzeaz gain, komunikazio-trebetasunak garatzen dituzte, eguneroko egoeretan modu arinean jarduteko.

Proiektuak hizkuntzen elkarrekintzaren garrantzia nabarmentzen du, ez bakarrik ikasgelan, baita curriculumetik kanpoko jardueretan eta ikasgelatik kanpoko esperientzia aktiboetan ere. Horrela, ikasleek hizkuntza bat ikasteaz gain, pentsatzeko, komunikatzeko eta testuinguru berrietara egokitzeko gaitasuna garatzen dute.

Eskolaz kanpo:

Cambridge ESOL azterketa ofizialak egiteko aukera dute ikasleek.

High School American Diploma. Academica Corporationek sortu eta garatua , Dual® Diploma batxilergoko titulua nazioartean baliozkotzeko programa ofiziala da. Ikasleek bi titulazio aldi berean lortzeko aukera ematen die ikasleei: beren herrialdekoa eta American High School Diploma.

Icon Image

NAZIOARTEKOTASUNA

Image

Nazioartekotasunari eta beste kulturen ezagutzari garrantzi handia ematen diogu, horregatik nazioarteko esperientziak eskaintzen ditugu:

Eleaniztasuna helburu estrategikoa dugu, eta 2010etik aurrera hasi ginen elkartrukeak (fisiko zein birtualak) burutzen. Proiektu hauek konpetentzia linguistikoa garatzeko eta hizkuntza eta kulturaren irakaskuntza esanguratsua egiteko aukera ezinhobeak eskaintzen dituzte. 

Ikasgelako hormak irekiz, nazioarteko gazteen arteko komunikazioa errazten da, irakaskuntza motibagarria eta esanguratsua gauzatuz:

Erasmus+ project: 2017 urteaz geroztik dihardugu DBH4ko ikasleekin eta gure Holandako kideekin ikerketa egitasmoak garatzen, mugikortasun fisikoak gauzatzen ditugularik. Geroztik, Europar Komisioko errekonozimendua jaso dugu urtero eta 2023z geroztik Erasmus + Ikastetxe Akreditatua gara.

Hizkuntza eta kultura trukea Frantzian

DBHn ikasleek frantses hizkuntza ikasteko aukera dute eta ikasgelaz haratago, elkartrukea egiten dugu Nantes inguruko eskola batekin. Kultura- eta hizkuntza-truke hau hizkuntza ikasteko edo beste leku bat ezagutzeko aukera soil bat baino askoz gehiago da. Horrelako esperientzietan parte hartzean, ikasleek benetako kultura-testuinguru berri batean murgiltzeko aukera dute, munduaz duten ulermena zabaltzeko. Ez da soilik hizkuntza ikasten, baita lagunarteko adierazpenak eta ñabardurak ere. Zuzeneko ezagutza horrek erraztu egiten du komunikazio arina, alderdi kulturalak ulertzea eta benetako harremanak sortzea. 

Gainera, beste kultura batzuekiko enpatia eta errespetua ere sustatzen dira. Astebetez jatorri desberdineko pertsonen arteko bizikidetza eta lankidetzan ibiltzean, parte-hartzaileek errealitate eta erronka desberdinei egin behar diete aurre, eta horrek tolerantzia ere sustatzen du. Bestalde, kultura-trukeak garapen pertsonala garatzen du. Ikasleek egoera berrietara egokitzeko, autonomoagoak izateko eta ingurune ezezagunetan arazoak konpontzeko trebetasunak garatzen baitituzte.

eTwinning

eTwinning, Europako hainbat herrialdetako eskolen arteko lankidetza sustatzen duen online plataforma da. Ekimen honen bitartez, Europako beste eskolekin batera hezkuntza proiektuak gauzatzen ditugu, ideiak, metodologiak eta baliabideak trukatuz. Horrela, ikasleei hezkuntza esperientzia aberasgarri eta globalizatuak eskaintzen dizkiegu, ikasgelako oztopo fisikoak hautsiz, ikaskuntza linguistiko eta kultural esanguratsua sustatzeko.

eTwinning-en bidez, ikasleek kultura-trebetasunak eskuratzen dituzte, hizkuntza-gaitasuna hobetzen dute, sormena, berrikuntza eta talde-lana sustatzen da eta gaitasun digitalak garatzen dira.

 E-live project

Egitasmo honetan plataforma birtual oso berritzaileen bidez, muga fisikoak gainditzen dira. Lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleek Europako beste herrialde batzuetako gazteekin komunikatzeko aukera dute, beraientzat interesgarriak diren gaiak jorratuz.

Proiektua ezagutarazteko, 2023ko urriaren 18an, Valentziako unibertsitateak antolatutako E-live (Engaging Languages in Intercultural Virtual Exchange) nazioarteko ekimenean parte hartu genuen hizlari gisa. Eta 2024ko urriaren 15an ere, gure eskola, Utrecht-eko unibertsitateak antolatutako E-live (Boosting engagement: Best Practices for Virtual Intercultural Exchanges in Schools and Teacher Training institutions) ekimenean izan zen. Alemaniatik, Frantziatik eta Herbehereetatik etorritako, atzerriko hizkuntzen irakaskuntzetako adituak bildu ziren, hainbat eskola zein unibertsitateetatik etorriak. Bideo honetan topa dezakezue hitzaldia.