Partekatu
Bi hilabete pasa dira ikasturtea hasi genuenetik eta poliki-poliki aurten ere gure familia berria osatzen ari gara. Eskolako txiki gehienentzat etxetik kanpoko lehen esperientzia da, eta beraz, oso une garrantzitsua da eta asko zaindu beharrekoa, esperientzia positiboa izan dadin. Orain arte familia, eskola eta haurren elkarlanari esker landu dugun egokitzapen prozesua hasia da bere fruituak ematen. Elkar ezagutze prozesu honetan bizitako une, emozio, sentsazio, oztopo… berriei aurre egin eta gure artean loturak eta atxikimendu segurua eraikitzen ari gara. Gure geletan elkarrenganako konfiantza eta lasaitasuna sumatzen hasia da gure egunerokoan. Aurten ere ilusioz beterik gatoz denon artean gure txikienen ongizatea bermatzeko. Ingurune seguru, lasai eta maitekor honetan, haurrek aukera ezberdinak izango dituzte jolaserako, esperimentaziorako eta manipulaziorako beraien beharrak asetuz eta bide batez bizipenez eta emozioz hornituz. |