Erasmus akreditazioa, ikastetxean eleaniztasuna eta praktika berritzaileak sustatzeko egiten den eguneroko lanaren emaitza da. Eginkizun honen helburua da, batez ere, gure ikasleek egungo munduan jarduteko beharrezko trebetasunak eskuratzea eta eskolako hezitzaileen etengabeko garapen profesionala bultzatzea. Izan ere, gure lerro estrategikoak diren eleaniztasuna eta kalitatezko irakaskuntza lortzeko hainbat bide jorratzen dira ikastetxean. Xede horiek aintzat hartuta, 2010-2011 ikasturtean, Europako beste ikastetxeekin elkarlanean jarduteak eskaintzen zituen aukera anitzei probetxu ateratzea erabaki genuen. Horrela, azken 12 urtetan eta gaur arte, Frantziako eta Herberehetako beste ikastetxeekin nazioarteko proiektu komunak gauzatu ditugu. Aipagarrienak dira, 2017 urteaz geroztik, Leiden herriko Visser’ t Hooft Lyceum eskolarekin elkarlanean burututako eta Erasmus+ errekonozimendua jaso duten bi ikerketa egitasmo.
1.- “Bat Bi Three: Researching European Linguistic Heritage: Basque and Dutch Bilingualism”
2.- I.S.M.∞.Z.: “The sea as source of social, economic and cultural heritage in Holland and the Basque Country"
Elkarkidetzan garatutako proiektu hauetan ikasleek zeregin aktiboa eta parte-hartzailea dute eta jasotzen duten ikaskuntza esanguratsua izan dadin lortu nahi da, noski. Baina esperientzia pedagogiko hori ez da esparru akademikora mugatzen. Izan ere, kideen arteko elkarreraginak lotura pertsonala garatzean ere eragin nahi du, elkarren arteko harreman iraunkorrak bultzatuz. Erasmus+ egitasmoari esker ehuntzen diren sareak amaigabeak dira, benetan dira “plus”!.