Joan den astean, DBH 4. mailako ikasle talde bat Maassluisen (Herbehereak) izan zen, KA121 mugikortasun bati esker. Erasmus+ zentro Akreditatua garen heinean, egonaldi hau funtsezko gaitasunak garatzeko gure plan estrategikoaren parte da. Egun hauetan ikasi dugu gure banakako erabakiek uste baino garrantzi handiagoa dutela.
“The Power of Small Choices” (Erabaki txikien indarra) lelopean, iraunkortasuna keinu ekologiko batetik haratago doala ulertzeko aukera eman digu proiektuak: gure eguneroko erabakietatik hasi eta mundua moldatzen duten eskala handiko erabakietaraino iristen den etika soziala da. Hori guztia bertatik bertara ikasteak, bi herrialdeetako gazteekin elkarlanean, historiari buruz hausnartzeko aukera eman digu, Ana Franken Etxea edo FENIX Migrazio Museoa bezalako lekuetan, etorkizunarekiko konpromiso etiko partekatua aurrera eramateko.
Baina ikasketa akademikoaz gain, horrelako proiektu batean parte hartzea esperientzia pertsonal ahaztezina da. Etxetik ateratzeak, Holandako familiekin bizitzeak eta hizkuntzaren oztopoa apurtzeak konfiantza irabazten lagundu digu. Harreman pertsonal horiek, barreak eta elkarbizitza uneak dira Europa gertuago sentiarazten dutenak.
Bidaia honek jarraipena ematen dio ikastetxean nazioarteko jardueraz jositako urte honi. Irakasle batzuek Finlandian eta Danimarkan formakuntza jaso ondoren (job-shadowing), orain ikasleek hartu dute ikaskuntza partekatu honen lekukoa. Baina hau ez da hemen amaitzen: maiatzean anfitrioi izatea dagokigu. Ilusio handiz ari gara Maassluiseko kideen etorrera prestatzen, nazioarteko proiektu honen azken fasea elkarrekin burutzeko.







