Duela pare bat urte sortu zen gaur errealitate bihurtu den proiektu honen lehen ideia. Hasiera batean, Julene Gatzagaetxebarriarentzat amets hutsa edo lortzeko zaila zirudien arren, iazko irailean bultzada erabakigarria jaso zuen Gasteizen antolatutako “Batera” deialdiari esker. Deialdia Izaskun Arrue Kulturguneak eta Gauekoak programak antolatu zuten, Laboral Kutxaren babesarekin eta Vital Fundazioaren zein Itsulapikoak.eus-en laguntzarekin.
Deialdiaren berri izan ostean, Julenek proiektua Sararekin partekatu zuen, eta bien artean liburu hau aurrera eramatea erabaki zuten, testua eta irudia uztartzen dituen proposamen gisa.
Liburua azken urteetan idatzitako 53 olerkiren bilduma da. Olerkiek ez dute narrazio-ildo bakar bat jarraitzen; kontralderantziz, askotariko gaiak jorratzen dituzte: bizitza ulertzeko moduak, egunerokoaren begirada kritikoa, pertsonen arteko harremanen eragina, adiskidetasuna, maitasuna, bizipen pertsonalak zein fikziozkoak. Idazketa euskaraz egina da, eta egilearentzat adierazpide eta terapia modura ulertzen den prozesu baten emaitza da.
Inspirazioa Gatzagaetxebarriaren ingurune hurbilean bizi eta ikusitako egoeretatik sortzen da, baita horien aurrean hartutako jarreretatik ere.
Olerki bakoitza Sararen ilustrazioek laguntzen dute, liburuari dimentsio bisual propioa emanez. Ilustratzaileak estilo fin eta minimalista darabil, eta txikitatik erakutsi izan duen sormen gaitasuna lan honetan ere agerian geratzen da, bere lanek protagonismo berezia izan dute.
Durangoko Azokan presentzia
Proiektua amaituta, sortzaileek Durangoko Azokan parte hartzeko aukera izan dute, autoekoizleen stand-ean, beste hamar proiekturekin batera. Bertan liburua ez ezik, hainbat lamina ere eskaini dira.
Horrez gain, abenduaren 5ean liburuaren aurkezpena egin zen Azokan, eta Sararen Zarauzko ilunabarra irudikatzen duen lamina Durangoko Museoan, Atartea gunean, ikusgai dago urtarrilaren 7ra arte.
Autoekoizpenetik sortutako lan honek hitza eta irudia uztartzen ditu, sormen partekatuaren bidez eraikitako proiektu pertsonal eta kolektibo gisa.





