2025eko uda iritsi baino lehen, abentura berri eta oso berezi batean murgildu ginen Antoniano Ikastetxean: “Patioa amestu” ekimena. Gure helburua oso argia zen, baina aldi berean erronka handia: eskolako patioa berritzea. Eraldaketa hau, ordea, ez genuen nolanahi egin nahi, patioa gure haurren topaleku eta jolasleku nagusia izanik, ezinbestekoa zen irakasle, familia eta, batez ere, haurren parte-hartzearekin egitea.
Horrela, parte-hartze prozesu aberasgarri batean murgilduta ibili gara, arkitekto talde baten laguntzarekin. Elkarrekin ideiak bildu, lehentasunak zehaztu eta irudimenari hegan egiten utzi diogu. Ekintza desberdin ugari egin ditugu bidean: haurrek beren ametsetako patioak marraztu dituzte paperean, bileretan hausnartu dugu… Baina, ziurrenik, momenturik magikoenetako bat patioan bertan bizitakoa izan zen. Klera koloretsuak eskuetan hartuta, haurrek lurrean bertan irudikatu zituzten aurrerantzean bertan eduki nahi lituzketen jolasak, txokoak eta egiturak. Ikuskizun ederra izan zen!
Baina ametsak ez dira paperean geratu. Klarionekin irudikatutako amets horiek errealitate bihurtzen hasi dira…








