Ikasturte honetan gure ikastetxeko maila ezberdinetako ikasleak hainbat nazioartekotasun esperientziatan parte hartzeko aukera izaten ari dira. Gure Europako bizilagun batzuekin elkarlanean aritu gara azken hilabeteetan, gure ikasleen artean kulturartekotasuna eta eleaniztasuna bultzatzeko asmoz.
Lehen Hezkuntzako laugarren, bosgarren eta seigarren mailatako ikasleek gabonetako postalak prestatu dituzte Kroaziara, Italiara, Greziara eta Irlandara bidaltzeko. Guk ere jaso ditugu haiek egindakoak! Horrez gain, LH6ko ikasleekin lehengo ikasturtean hasi genuen elkartruke birtualarekin jarraitu dugu eskola irlandar batekin. Ikasleek aurkezpen txikiak prestatu dituzte elkar ezagutzeko eta bideo dei bat ere egin dugu, ederki pasa genuen haiek ezagutzen eta ingelesez jolasten.
LHkoak bakarrik ez, DBHko ikasleak ere murgildu dira nazioartekotasun esperientzia birtualetan. DBH1eko ikasleek Portugaleko ikasle batzuekin harremana izan dute eta beraien abesti eta talde gustukoenak partekatu dituzte. Eta azkenik gure DBH3ko ikasleek, Herbeheretako ikasleekin elkarlanean, elkarri eskolak erakutsi dizkiete bideo ezberdinen bitartez eta bideo dei bidez ere haiekin aurrez aurre hitz egiteko aukera izan dute. DBH3ko frantseseko ikasleek ere, Machecoul herriko gazteekin elkartruke fisikoa burutu zuten abenduan eta kide frantsesak gure artean izan genituen aste betez.
Asko ikasten ari gara esperientzia hauekin eta horretan jarraituko dugu ikasturtean zehar!