Aurten ere, LH5eko ikasleak Logelan logale izeneko kantata ikasten ari dira. Jagoba Astiazaranek sortutako obra honek Leire Bilbaoren hitzak ditu, eta Euskadiko Orkestrak bultzatutako hezkuntza-ekimen baten parte da, Artis+ artea gizarteratzeko Europako proiektuaren barne. Proiektuaren helburu nagusia kantu koralaren bidez ikasleen gaitasun artistikoen garapena sustatzea da, bizipen esanguratsu bat eskainiz, hau da, Euskadiko Orkestrarekin batera Kursaalean abestuz.
Kantata hau iaz estreinatu zen, eta gure ikastetxeko LH5eko ikasleek lehen edizio hartan parte hartzeko aukera izan zuten. Haientzat esperientzia ahaztezina izan zen Kursaalean orkestrarekin eta beste ikastetxeetako umeekin batera abestea, eta baita aurretik egin zuten prestaketa-prozesua ere.
Prestakuntza saioetan, ahots teknika, arnasketa, erritmoa eta bestelako gaitasun musikalak lantzen dituzte ikasleek. Horrez gain, hizkuntza aberasteko eta talde-lanean sakontzeko aukera bikaina eskaintzen du proiektuak. Aurtengo ikasleak ere gogotsu ari dira lanean, eta ilusio handiz prestatzen ari dira Euskadiko Orkestrarekin partekatu beharko duten eszenatokia.






