Gaur, Kultur Aniztasunaren Munduko Egunean, gure eskolak bat egin nahi izan du Zarauzko herriaren errealitate anitz, aberasgarri eta koloretsuarekin. Hori dela eta, ikastetxe guztiek, denek elkarrekin, manifestu hunkigarri bat landu eta partekatu dute gaurkoan.
Gure herrian gaur egun 50 hizkuntza inguru hitz egiten direla jakiteak harrotasunez betetzen gaitu. Eskolan ere egunero ikusten dugu mosaiko hori: gelan, jolas garaian, kirolean eta familian. Ohitura berriak ezagutzen ditugu, hitz eta doinu berriak ikasi, eta horrek denok aberasten gaitu.
Euskara, elkarrekin amesteko tresna
Manifestuan argi utzi nahi izan dugun bezala, aniztasun horrek indar handiagoa hartzen du elkarrengana hurbiltzen gaituenean. Eta bide horretan, euskara da gure arteko zubia, herri honetako pertsona guztiak lotzen gaituen haria, jatorria edozein dela ere.
“Euskara, es mi lengua y tu lengua, c’est ma langue et ta langue… zarauztar guztiona.”
Gizarte baten indarra bere aniztasunean eta elkartasunean dagoelako, gure eskolatik euskara elkarrekin etorkizuna josteko haria izaten jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu.
Eskerrik asko manifestu hau posible egin duzuen guztioi! Gora gure kultura eta hizkuntzen mosaikoa!





