HH5 gelako ikasleek urriko azken ostiralean Iñurritzako Biotopoan ikasketa eta esperientzia berezi bat izan dute Kaixo Mustoren eskutik. Bertan, ingurumenaren kontzientzia eta naturarekin harreman zuzena sustatzeko hainbat ekintza egin dituzte.
Lehenik eta behin, umeek esperimentu bat burutu dute, non ur gazia eta ez gazia nahasten dituzte, fenomeno fisikoak ikusteko. Ondoren, hondartzako ingurunean mikroplastikoak bildu dituzte, plastikoaren eragina ingurune naturalean eta animalietan ikertuz. Faroen funtzioaz ere ikasi dute, eta naturaren ahotsak eta txorien kantuak entzun dituzte ere.
Hondartza, mendia eta gure herriko txoko desberdinak ezinbestekoak dira umeen hezkuntza prozesuan. HH5 gelako irteera honetan, ikasleek naturarekin harreman zuzena izan dute eta horrek hainbat onura pedagokiko ekarri dizkie.
Naturara ateratzeak eta bertako ingurunean aritzeak ikasteko modu aktibo eta bizia eskaintzen du. Kontuan izan behar dugu natura ingurune fisiko eta sozial osasungarria dela umeen garapenerako. Hondartzan eta mendian ibiltzeak haurren oreka eta indarra lantzen ditu, eta aldi berean, taldeko jarduerek laguntasuna eta komunikazioa indartzen dituzte.
Era berean, naturan jolasteak sormena eta irudimena lantzen laguntzen du, eta ingurune naturalean izandako esperientziek, hala nola mikroplastikoen bilketak, haurren ingurumenarekiko errespetua eta arduraren baloreak sustatzen dituzte. Hori guztia umeen emozioak kudeatzeko eta autoestimua lantzeko garrantzitsua da, naturarekin konektatzeak lasaitasuna eta ongizatea ematen dielako.




