Gaur goizean, Antoniano Ikastetxeak ozen aldarrikatu du euskararekiko duen konpromisoa, gure ikasleek herrian zein kanpoan egindako ekintzei esker.
HH1etik LH4ra bitarteko txikienek Zarauzko kaleak pozez eta energiaz bete dituzte Korrika Txikian parte hartuz. “Korrika, ika, ika, ika, Antoniano euskararen alde!” oihukatuz igaro dituzte herriko txokoak, eta ibilbidea eskolako patioan amaitu dute. Bertan, euskararen aldeko mezu hunkigarria irakurri eta elkarrekin dantzatuz borobildu dute goiza.
Bitartean, DBH3ko ikasleek Machecouletik (Frantzia) bat egin dute ekimenarekin, euskararen aldeko aldarrikapen indartsua eginez muga guztien gainetik.
Arratsaldean, jai-giroari jarraipena emanez, Korrika ofizialarekin bat egin dugu. Gure ikastetxearen izenean, Guraso Elkarteko eta Ekialde taldeko kide banak harrotasunez eraman dute lekukoa, eskuz esku gure hizkuntzaren aldeko mezua zabalduz.
Ekintza hauekin guztiekin argi utzi dugu euskara dela batzen gaituen haria, eta belaunaldi berriek zein familiak osatzen duten komunitateak pauso bakoitzean hizkuntza bizirik eta indartsu mantentzeko gogo bizia dutela.
Tipi-tapa, tipi-tapa, Korrika!
#AntonianoIkastetxea #EuskaraBizirik #Korrika #Zarautz#EuskararenAlde #Zarautz




