Gure Ikastetxean Erasmus+ Akreditazioa lortu dugu, marka galanta! 2017an hasi eta egun arte, bi poiektuen onespena jaso dugu Europako Erasmus+ programan eta hori gutxi balitz, oraingoan, akreditazioa ere eskuratu dugu.
Baina, zer da Erasmus akreditazioa? Bada, Erasmus akreditazioa, Europar Komisioak egiten duen errekonozimendua da eta aurten, Euskal Autonomia Erkidegoan 16 eskolek lortu dute. 16 horietako bat, gu geu!
Erasmus akreditazioaren bultzadari esker ikastetxeak kalitate handiko nazioarteko mugikortasun-proiektuak gauzatzen jarrai dezake eta erakundearen kalitatezko garapen profesionala bermatu hainbat arlotan. Nola? teknologia berrien eta irakaskuntza-metodo berritzaileen erabilera eta elkartrukea sustatuz, hizkuntzen ikaskuntza indartuz eta hezkuntza-lankidetzarako Europako sarea sortzen lagunduz.
Europako aitorpen hau, ikastetxean eleaniztasuna eta praktika berritzaileak sustatzeko egiten den eguneroko lanaren emaitza da. Eginkizun honen helburua da, batez ere, gure ikasleek egungo munduan jarduteko beharrezko trebetasunak eskuratzea eta eskolako hezitzaileen etengabeko garapen profesionala bultzatzea. Izan ere, gure lerro estrategikoak diren eleaniztasuna eta kalitatezko irakaskuntza lortzeko hainbat bide jorratzen dira ikastetxean. Xede horiek aintzat hartuta, 2010-2011 ikasturtean, Europako beste ikastetxeekin elkarlanean jarduteak eskaintzen zituen aukera anitzei probetxu ateratzea erabaki genuen. Horrela, azken 12 urtetan eta gaur arte, Frantziako eta Herberehetako beste ikastetxeekin nazioarteko proiektu komunak gauzatu ditugu. Aipagarrienak dira, 2017 urteaz geroztik, Leiden herriko Visser’ t Hooft Lyceum eskolarekin elkarlanean burututako bi ikerketa egitasmo hauek:
1.- “Bat Bi Three: Researching European Linguistic Heritage: Basque and Dutch Bilingualism” izeneko egitasmoak Europako bi errealitate elebidun hauek ikertzea du helburu; bien arteko ezaugarri komunak aztertuz eta ezberdintasunetatik ikasiz. Esan, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostia Research group on Education and Multilingualism (DREAM) taldearen kolaborazioa izan dugu proiektuan zehar.
2.- I.S.M.∞.Z.: “The sea as source of social, economic and cultural heritage in Holland and the Basque Country” izeneko egitasmoak “itsasoa” du ardatz; batetik, bi herrialdeen ondare aberats hori ikuspuntu giza-ekonomikotik aztertzean datza eta bestetik, altxor natural honen biziraupenera bermatzeko zertan lagundu dezakegun aztertzea.
Hain zuzen ere azken proiektu hau garatzeko, Herbehereetako gure kideak Zarautzen izango dira martxoren 17tik 24ra bitarte. Zarauzko Udaletxean harrera egingo digute eta proiektuari lotuta, ikasle eta irakasleek elkarrekin hainbat tailerretan parte hartuko dute. Besteak beste: Kaixo Musto erakundearen laguntzarekin, Zarautz eta Getariako hondartza-mareartea ekosistemak aztertuko dituzte, Pasaiako Albaola bisitatuko dute, garai bateko itsas teknologia berreskuratzeko eta balioan jartzeko lanean diharduela ezagutuz, Algorriren eskutik Euskal Kostaldeko Geoparkea itsasontziz bisitatzeko esperientzia biziko dute eta abar luze bat. Apirilean, berriz, Antonianoko ikasle eta irakasleek Leiden herrira bidaiatuko dute, hango ingurune naturalak eskaintzen dituen jarduerak burutzeko. Bi herrialdeen arteko lotura honen bitartez, Europako ondare kulturalen garrantziari buruz arituko dira eta kolaborazio proiektuek eman dezaketen balio erantsiaren inguruko hausnarketa egingo dute.
Elkarkidetzan garatutako proiektu honetan ikasleek zeregin aktiboa eta parte-hartzailea dute eta jasotzen duten ikaskuntza esanguratsua izan dadin lortu nahi da, noski. Baina esperientzia pedagogiko hori ez da esparru akademikora mugatzen. Izan ere, kideen arteko elkarreraginak lotura pertsonala garatzean ere eragin nahi du, elkarren arteko harreman iraunkorrak bultzatuz. Erasmus+ egitasmoari esker ehuntzen diren sareak amaigabeak dira, benetan dira “plus”!.