Egokitzapen prozesuan zenbat emozio dantzan gure barnean, tristura, jakin-mina, urduritasuna, harridura, algara, negarra, garrasia, irribarrea… zenbat sentipen eta bizipen! Dudarik gabe momentu hunkigarriak dira haurraren eskolaratzeko lehenengo egunak.
Zuen txikiak familiarteko ingurune ezagun eta segurutik, ezezaguna zaion ingurune berri bati aurre egitera pasa dira. Kontziente gara egokitzapen garaiak familiarengan sortzen duen eragin emozionalez, etxeko giroa tarteka hankaz gora jarriaz. Irakasleok ere prozesu berezia bizi dugu garai honetan. Familia eta haur bakoitzaren beharrak aintzat hartuta diseinatzen ditugu eskolako lehen egunak, aurretiaz ondo pentsatu eta landutako uneak. Baina beti ez dira bat etortzen haurraren erritmoa eta familiaren beharrekin. Beraz, arretaz eta arduraz jarduten gara halako une berezietan. Konfiantzan, elkarrekiko begirunean eta komunikazioan oinarritutako harremanak funtsezko garrantzia dutelako gurean. Ezinbestekoa baita lotura afektiboa eraikitzea irakasleokin, ez gurasoekin eraiki duen bezain estua, baina bai eskolan segurtasunez bizitzeko bezain sendoa. Ez dira egun errazak inorentzat, baina zuen onena eman duzue eta egin duzuen esfortzua eskertzekoa da.
Esan dezakegu beraz egokitzapen prozesua beraz ez dela prozesu kuantitatiboa. Prozesu horretan une bat baino gehiago izaten dira, eta erritmoa ez da beti berdina izaten. Geldialdiak, atzera pausoak eta aurrerakuntzak daude. Gizakia edozein egoeratara moldatzeko gai bada ere, aldaketak bizitzeko moduan dago gakoa.
Eskola osatzen duten haurrak, familiak eta irakasleak zenbat, hainbat dira egokitze moduak.
Egoera honek denongan du eragina, horregatik haurrekiko gertutasuna eta zuekin harreman, elkarlana eta komunikazioa bermatzea izan da gure helburua. Eta horretan gaude buru belarri, familia eta eskolaren arteko elkarlanari esker, familiak eskolaren parte bilakatu zarete. Etxeetako esku goxoetatik gureetarako bidea egiten lagundu duzuelako, mila esker.
Jarrai dezagun elkarrekin bidea eginez,