Gaurkoan ere, 11 arrazoi, 11 egunez, ilusioz eta gogoz, EUSKARALDIA ekimen sozial zabalarekin elkartzeko; izeneko hizki bakoitzak ere beste 11 aukera eskainiaz elkarrekin aurrera egiteko. Egun horietan gure euskal-hizkuntza eta kultura bide berrituaren eta berritzailearen arrastoan kokatuko da. Kristau Eskola, entitate bezala eta 114 ikastetxez eta 72 erakunde titularrez osaturiko sare bezala, gure Euskal Autonomia Erkidegoan bide hori egiten jarraitzeko prest. Maiatzaren 15etik 25era, aldatzeko pausoak emateko gonbidapena jasoaz, egun bakoitza gertatuko zaigu hauspo eta konpromiso guretzako, eta guztion jarrerak antzemateko, jasotzeko, bultzatzeko eta sustatzeko, baita ere. Aukera desberdinak eskainiaz ekimena aurrera eramango dugu.
Bakoitzetik hasi edota norbanaki, noski, baina beti sare bezala aritzeak elkartasunaren indarra azpimarratzen digula garbi edukiaz; betidanik, gainera, horrek sendotu gaituelako. Bakoitzaren konpromisoa, noski, baina guztienarekin elkartuz, ametsa, desioa, nahia egia bihurtzea eta hauspotzea posibleagoa izango dela sinisturik. Sare bezala, elkarturik eta elkarrekin, gure bihotzaren taupadak entzunez, hizkuntza bera astintzea, mugitzea eta areagotzea errazagoa gertatuko zaigu; eta, horrekin batera, beste batzuk erakartzea.
Guk ere txapak jantziko ditugu, ikusgarritasuna bideratuko, ekintzetan parte hartuko, inertziak astintzen saiatuko, baina, bereziki, betidanik dugun “oinarrietatik ezagutzara” hezkuntza ereduan sustraiturik, euskal kulturarekiko eta euskararekiko atxikimenduaren eta konpromisoaren oihartzun sendoa berretsiko dugu; hezkuntzaren bidez, integraziorako ezinbesteko ondare eta bide bikaina bezala ulertuaz eta sendotuaz.
Guzti honetan, gure haur, gazte, nerabe eta heldu, ikasle, hezitzaile eta familiak, egunez-egun, bidelagun gaituzte; eta, beti, beharrei erne egonaz, hitzez hitz eta hiztun bezala, elkar entzunaz, etorkizuna sustraietatik berreraikitzen jarraitu nahi dugu. Horregatik, egun hauetako hizkuntzaren udaberrian, Euskaraldia kokatzen den aldi berri honetan, gure hezkuntza-komunitate osoa barne, komunikazioaren eta ekintzen bidez, garaiz ureztatzeari ekin diogu, 11 egunez, kalez-kale, ikastetxez-ikastetxe, gelaz-gela, ahobizi edo belarriprest rola hartuaz bakoitza loratu dadin; ahotsa eta aukera guztiak gertu egonaz, hizkuntza bera ere babestoki bihurtuaz. Erronka elkarrekin esatetik egitera erdietsiko!
ELKAR MUGITUZ EGINGO DUGU.
Eta, hitzez hitz, Kristau Eskolak EUSKARALDIAri ekin!