Gaur egun berezia eta hunkigarria bizi izan dugu gure eskolan: Aitona-amonen Eguna ospatu dugu. Goizean goizetik, aretoa ilusioz eta irribarrez bete da belaunaldi desberdinak elkartu garenean. LH2ko ikasleek eman diote hasiera ekitaldiari, bihotzez idatzitako mezuak irakurriz. Ondoren, elkarrekin ikusi dugun bideoak malkoren bat edo beste eragin du, gure aitona-amonen garrantzia eta haien begirada goxoak gogoraraziz.
Ekitaldiari amaiera emateko, eskolako patiora irten gara denok batera. Bertan, ikasleek ilusio handiz landutako opariak eta diplomak banatu dizkiete beren aitona-amona kuttunei. Eskertza keinu txiki bat besterik ez da, egunerokoan eskaintzen diguten laguntza, jakituria eta baldintzarik gabeko maitasun guztiagatik. Zuek zarete gure sustraiak eta gure familia-bizitzaren zutabe nagusienetako bat.
Ezin dugu ahaztu, ordea, gaur gurekin fisikoki egon ezin izan dutenak. Egoera desberdinengatik etorri ezin izan direnak, eta nola ez, jada gure artean ez daudenak, oso presente izan ditugu uneoro. Haiek ere gure parte dira eta gure bihotzetan gordetzen dugu haien oroimena.
Mila esker, bihotz-bihotzez, gure bizitzan egoteagatik eta gure eskola familia handiagoa eta hobea egiteagatik.




